Artea eta kooperazioa,Bitartekaritzaren haria

Ondare pedagogikoa

Kooperazioa da Teatro Paraíso Antzerkia konpainiak, hezkuntza-komunitatearekin lankidetzan, “Kooperarock” DSS2016EU proiektu barruan sortutako material pedagogiko honen gai nagusia.

Barne hartu ditugun material pedagogikoak Kooperarock proiektu barruan garatutako bitartekaritza- eta balidazio-jardueretatik datoz. Bi ibilbide mota eskaintzen ditugu:

1. “Kooperarock” antzerki-ikuskizunaren gidaliburu praktikoa, prozesuan parte hartu duten haurrekin izandako lankidetzan oinarritua.

2. Bitartekaritza-esperientzien lau artista arduradunek diseinatutako eta esperimentatutako lau Arte eta Lankidetza proposamen. Proposamen hauek lau ikastetxetan esperimentatu dira: Amaraberri (Donostia), Kirikiño Ikastola (Bilbo), San Prudencio Ikastetxea (Gasteiz) eta Arberoa Ikastola (Iparralde).

Gidaliburu honetako irudiak Kooperarock proiektuan parte hartu zuten Arabako ikastetxeek egin dituzte, Arabako Foru Aldundiak antolatutako “Antzerkia eskolara heltzen da” kanpainaren esparruan.

Material Didaktikoa – Arte eta Kooperazioa

Advertisements
Standard
Sin categoría

Sorkuntzaren haria

Egilea: Ander Elorza, Komunikazio Arduraduna

Irudikate Films-ekin elkarlanean egin dugun bideoaren bigarren eta azken atal honetan, “kooperazioa giza-ekintzan” izenburupean, Arrasateko Arizmendi Ikastolan bitartekaritza-taldeak Adrían Ruiz de Hierro argazkilariarekin batera egindako argazki erakusketaz ari dira bertako irakasleak. Era berean, Arizmendi Ikastolako haurrak 2016ko abenduaren 16an Amaia Antzokian egindako Kooperarock antzezlanaren aurre-estreinaldian ageri dira. Gainera, lantalde artistikoaren nondik norakoak ere erakusten dira.

Standard
Artearen haria,Bitartekaritzaren haria,Lanki

Urte beteko lana laburbiltzen

EgileaAnder Elorza, Komunikazio arduraduna

Kooperarock proiektuak, DSS2016EUk sustatuta eta Mondragon Unibertsitateak, LANKIk eta Teatro Paraíso Antzerkiak garatuta, urte bateko lan kooperatiboari amaiera bikaina eman dio Teatro Paraíso Antzerkiak burututako lan eszenikoaren estrenaldiarekin, Donostian Abenduaren 27an.

kooperarock_kartela

 

Kooperarock artearen bidez kooperatibismoaren balioak sozializatzeko helburua duen ekimena da. Bi noranzkoko proiektu honetan edukiak eta edukitzailea elkarrengan eragin egiten dute, hau da, sortzeko era kooperatibista da eta sortutako arteak kooperatibismoaren balioak errespetatzen ditu.

2016ko urtarrilean hasitako lehenengo fasearen ondoren, non Mondragon Unibertsitateko LANKI ikasketa kooperatiboen institutuak kooperatibismoaren funtsezko balioak sakonki aztertu dituen, Teatro Paraíso Antzerkiak proiektuaren ondare eta lekukoa hartu du Artearen bidez balio hauek sozializatzearren. 40 urteko ibilbideak eta gazte eta haurrentzako antzerkian eta Hezkuntza Artistikoan eta Ikusleen Sorkuntzan eta Garapenean garatutako eginkizun erreferentzialak DSS2016EUk agindutako lanaren kalitatea bermatzen dute.

Horrela, Arabako konpainiak Kooperarock proiektuari eginiko ekarpenak bi ardatz desberdin baina osagarri hartuta landu dira: antzerki lan original baten sorkuntza eta Hegoalde eta Iparraldeko 5 ikastoletan bitartekaritza artistikoaren esku-hartzea.

Eginkizun honetarako, Teatro Paraíso Antzerkiak bi talde sortu ditu, diseinaturiko lan ardatzekin bat eginez: talde artistikoa eta bitartekaritza taldea, biak neurri batean DSS2016EUko KIMU proiektuan parte hartu duten eta horretarako formakuntza berezia jaso duten Euskadi eta Nafarroako artista gazteek osatuta daude.

Bitartekaritzaren haria

Zuriñe Fernández, Javier Napal “Nano”, Itziar Urretabizkaia eta María Fdez. de Viana “Meri” ikasleei kooperatibismoaren balioak helarazi dieten bitartekariak izan dira, arte biziekiko hurreratze ezberdinen bitartez kasu honetan. Bi modu ezberdinetan egin dute hori: Arrasateko Arizmendi ikastolan burututako “Kooperazioa eta giza-jarduera” izena duen talde esku-hartze baten bidez eta Iparraldeko eta Hegoaldeko lau ikastoletan  sorkuntza artistikoan kooperazioa nola gauzatzen den aztertzen duen proiektu pertsonal baten bidez. Parte hartu duten ikastolak honako hauek izan dira: Kirikiño Ikastola – Bilbao-, San Prudencio – Vitoria-Gasteiz-,  Amara Berri – Donostia-, eta Arberoa Ikastola – Iparralde-.

_mg_0484

3., 4. eta 5. mailako 437 ikaslek hartu dute parte proiektu honetan, non talde artistikoaren lan eszenikoan eragina izan duten ideiak, hausnarketak eta emozioak ondorioztatu diren; proiektuaren erronketako bat sorkuntza prozesuan ikasleak sartzea izan baita.

Sorkuntzaren Haria

Maxi Rodríguez antzerkigile eta gidoilaria buru izanik; Amaia Salazarrek, Maitane Goñik, Aitor de Kintanak eta Ander Basalduak osatutako talde artistikoak, Ikerne Jiménez eszenografoak eta Sergio López de Landache perkusionistak abenduaren 27an 17:30tan Donostian Gazteszenan aurkeztu zen lan eszenikoa garatu dute. Ondare kooperatiboa ardatz hartuta sortutako material tematiko eta dramatikoa da.

Antzerki lan dinamiko eta poetiko honetan jatorri ezberdineko lau pertsonaiek elkar aurkitu eta aurre egiten diote. Bere ezberdintasunak aukera bilakatu daitezkela konturatuko dira elkarren osagarri izan ahal baitira. Hori dela eta, proiektu kooperatibo bat sortzea erabakitzen dute, non elkarrekin egindako lana, banakako ahalegina eta elkarri laguntzearen garrantzia aztertzen duten.

Garapen eszeniko sakon baten ostean, orain dela gutxi Arabako ikasle batzuen aurrean antzerki lana aurkeztu dute frogatze prozesuaren barne. Ikasle hauek “Antzerkia eskolara heltzen da” proiektuaren 32. kanpainan parte hartu dute. Proiektu hau Arabako Foru Aldundiak sustatzen du eta 2081 ikasleek, 125 irakasleek eta 30 eskolek gozatu dute esperientzia honetaz, bere iritziak, hausnarketak eta obrari izenburua emanez.

2-koperarock_1116_erredehierro_4361

Ondarea

Kooperarocken lanaren emaitza diziplinarteko proiektu globala da. Honek ondare lez honako elementu hauek utziko ditu: bitartekaritza taldearen esperientzietan oinarritutako gida didaktikoa; Adrián Ruiz de Hierro egindako argazkien erakusketa ibiltaria, abenduaren 15ean eta 16an aurkeztu zena Arrasaten antzerki lanaren aurre-estreinaldian; Ander Elorzak gauzatutako prozesuaren ikus-entzunezko dokumentazioa bi kapituluetan banatuta; eta, noski, antzerki lana, 2017rako beste euskal hiriburuetan antzezpenak adostuta dituena.

finalteatro-paraiso-dch-d750-3_erredehierro-barco

Standard
Artearen haria,Bideoak,Bitartekaritzaren haria

Bitartekaritzaren haria

Egilea: Ander Elorza, Komunikazio arduraduna

Haur baten adierazpen artistikoak beti sortu dit halako lilura berezi bat, hipnosi moduko bat. Teatro Paraiso Antzerkiarekin elkarlanean nabilenetik, maiz begiratu ahal izan diot haurrari nire kamararen bestekaldetik. Marraztean estropozu egiten duten eskuak, emozioen mapa bilakatzen diren aurpegiak… Kooperarock proiektuaren bideo dokumentazioa egiteko aukera luzatu zidatenean, plazer txiki hauei jarraipena emateko aukera ere bazen niretzat. Baina gozamen horri hari txiki askoz osatutako mataza haundi honen parte izatea gehitu diot.

Lehenego atal honetan, “artea eta kooperazioa” izenburupean, proiektuaren bitartekaritza-taldeak, Euskal Herriko 4 ikastolatan garatutako esperientzia kontatzen da. (Arberoa ikastola – Iparralde, Amara Berri – Donostia, San Prudencio – Gasteiz, Kirikiño ikastola – Bilbo). Ezin ahaztu Irudikate Rec-eko lagunek egindako ekarpena ikusentzunezko lan hau gauzatzeko.

Bigarren atalean, Arizmendi ikastolan garatutako bitartekaritza esperientzia irakaslegoaren hitzetan, eta Kooperarock antzezlanaren nondik-norakoak ekarriko ditugu.

 

Standard
Bitartekaritzaren haria,Topaketen haria

Bitartekariaren garrantzia

Egilea: Gemma Carbó, UNESCO Katedrako Kultura-Politiken Zuzendaria

Irailaren 9an, Paraíso Antzerkiaren gonbidapenari esker, lan-saio bat egin nuen Gasteizko Kooperarock proiektuarekin lotutako kultura-bitartekarien taldearekin. Hitz egiteko eta esperientziak trukatzeko leku lasaiak izatea aukera paregabea da ikasteko eta ezagutzak denon artean sortzeko.

Gaur egun bitartekarien lanean zuzeneko eragina duten zenbait paradigma aztertu genituen, eta haiei buruz eztabaidatu. Haietako lehena kultura-aniztasuna da, zalantzarik gabe. Egun, kultura- eta hezkuntza-arloetako esku-hartzeak ezin die XIX. eta XX. mendeetako arauetan jarraitu. Izan ere, arau haien arabera, kultura KULTURA zen, eta hezkuntza, kultura transmititzeko estrategia.

Nazioarteko beste organismo batzuek –hala nola UNESCOk 1948an sortu zenetik– sustatu dituzten hitzarmenak bilakaera horren adierazgarri ona dira. Besteak beste, hitzarmen horiek kultura-ondarea babestu nahi dute indarkeria-testuinguruetan, eta kultura-adierazpenen aniztasuna gaur egungo gizartearen aktibo handitzat hartzen dute; izan ere, aniztasun biologikoarekin parekatzen dute.

Aniztasun hori Lurreko bazter guztietan dago gaur egun, baina, horren aurrean, kultura-erlatibismoak ez du laguntzen bizikidetza baketsuaren oinarriak finkatzen. Hori dela eta, eskubideen ikuspegiari dagokionez, 1948an lortutako adostasun unibertsala hartu behar da aintzat. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean, kultura-bizitzan –pertsona eta komunitate bakoitzak, bere ustez, bere nortasuna eratzen duen kultura-bizitzan– parte hartzeko eskubidea aipatzen da.  Espainiak berretsitako Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen aldeko Nazioarteko Itunaren 15. artikuluan, eskubide hori eta askatasun horiek norberarenak direla finkatzen da, eta, hortaz, 1978ko Konstituzioak berretsi egin zituen.

Nazio Batuetako Giza Eskubideetarako Batzordearen 21. ohar orokorrak kultura-bizitzan parte hartzea zer den zehazten du, eta giza eskubide guztiak bezain oinarrizkoa den eskubide hori hezkuntzaren bidez soilik berma daitekeela azpimarratzen du.

Hezkuntza, bitartekaritza eta komunikazioa pertsonei laguntzeko prozesuak dira, kultura-bizitza horretan askatasun eta erantzukizun batzuen arabera parte har dezaten, bete-betean parte hartu ere. Arteak eta kultura-adierazpenak, antzerkia, musika, dantza eta artisautzak hizkuntza unibertsalak dira, zalantzarik gabe, eta, desberdintasunetik, elkar ulertzeko eta elkarri aurre egiteko aukera ematen digute.

Kultura-bitartekaritza lan korapilatsua da, erantzukizun handikoa, eta beharrezkoa da horretan jarduten dutenek balio pertsonalak eta lan kolektiboa ondo finkatuta izatea. Izan liteke, sormenak, imajinazioak eta berrikuntzarako ahalmenak ez guztiz laguntzea garapen pertsonal eta kolektiborako helburu komuna betetzen, ezin izatea herritarrei autonomoak eta, beraz, kritikoak izaten lagundum aniztasun eta konplexutasuneko testuinguruetan izanik, eta, gaur egun, testuinguru horiek nagusi dira. Hor dago gure esku-hartzeen koska: ez da nola, zertarako baizik.

Erronka horretan, kultura-sektoreak hezkuntza-sektorearekin koordinatu beharko luke, eztabaidarik gabe. Hezkuntza –formala, ez-formala eta informala– lan kolektiboa da, eta eskola publiko, laiko eta doakoa haren gune egituratzailea da. Eskola da sozializazio- eta sarbide-esparru handia, gurean ondo burutua irismen-indizeei dagokienez. Kultura-bitartekariak eskola horren aliatu handiak dira. Arteetatik eta kultura-bizitzatik hurbil daudenez, ezagutza lortzeko eta pertsona eta herritar gisa hazteko gure moduak berriro pentsatzeko beharrezko zubiak dira.

Neurozientziak erakutsi duenaren arabera, adimen emozionalak hainbat forma ditu, sormena aliatu handia izan daiteke, eta erakutsi du zer gaitasun garatu behar dituzten gure gazteek: ikasten ikastekoa, egiten ikastekoa, izaten ikastekoa eta elkarrekin bizitzen ikastekoa. Horretarako, Marta Nussbaum filosofoak prestakuntza holistikoagoa aldarrikatzen du, arte eta humanitateetan oinarritua. Gainera, nire ikuspuntutik kultura-bitartekarien filosofoen harria izan beharko lukeen gaitasun estrategiko bat aipatzen du: irudimen narratiboa; beste modu batean esanda, bestearen ipuina entzuteko eta ipuinak gure buruari kontatzen jakiteko ahalmena. 

Antzerkia, eleberria eta ahozko ipuinak, agian, irudimen narratibo hori garatzeko daukagun tresna nagusiak dira. Kontatzen duguna gara, gure burua kontatzeko modua gara.  Eskerrik asko elkarbanatzeko, parte hartzeko eta ekarpenak egiteko aukerak sortzeagatik.

gemma-carbo

Standard
Bitartekaritzaren haria,Ikastola Arizmendi

Hegan egitera!

Egilea: Unai García, Bitartekaritza-taldea

Irailaren 22a, goizeko zortziak (08:00). Bada, hemen gaude dagoeneko, Gazteluondoko gimnasioan, Arrasaten. Rosi, Adrian Del Hierro (erredehierro) argazkilaria, Gabriel Fernandez de Guebara, bere laguntzailea, Gabi deritzona, eta ni gaude. Bezperan argazki-seta ahalik eta gehien prestatzen aritu gara goizean inolako ustekaberik ez izateko. Hala ere, gainerakoak baino ordubete lehenago iritsi gara, ezustean harrapa ez gaitzaten. Egia esan, oso baikor gaude guztiok eta konfiantza handiz, badakigu aurrez egindako lan guztiak emaitzak emango dituela. Ikastolara iritsi bezain pronto, atean haur andana dago materiala furgonetatik gimnasiora eramateko prest, hori eraman dezaket? Utziko didazu? Horrela, biribildutako alfonbrak, koloredun poltsak, kartoizko tutuak eta orotariko maletak atarian zehar garraiatzen dituen segizio bitxia sortu dugu.

foto-1

Adrian eta Gabik guztia prest utzi dute saiorako

Taldeko bitartekari bakoitza zentro batean aritu da lanean. Itziarek Eskoriatzan egin du lan Almen ikastetxeko ikasleekin, Meri Gazteluondon, Zuriñe Arimazubin eta Nano bikoiztu egin da, Gazteluondon nahiz Santa Teresan egin du lan. Lanerako gai interesgarri asko proposatu dituzte, esate baterako, “Sukaldea”, “Herria” edo “Itsasontzia”. Proposamenak gauzatuta ikusteko irrikaz gaude eta, horrela, oso goiz denez hotz samar eta Gipuzkoako haranaren freskotasun goiztiarrean, lehen lantaldea iritsi zaigu.

foto-2

Primi eta Izaskunek, Gazteluondoko andereñoek, saioaren garapena behatzen dute

Saioa oso bizia da, talde asko dago, ideia asko, egiteko argazki asko. Denborari buruzko aurreikuspena justu samarra zen, baina errealitateak are gehiago estutzea eskatzen du. Pilotalekua ibilera arinean gauzak hara eta hona eramaten dituen jendez beteriko gunea da: hiru flotagailu, oihal bat, artilezko haril laranja bat, kaxa bat, zazpi piper. Horrela, aniztuna. Meri, Nano, Itziar eta Zuriñek gauzak argi dituzte, eta bezperan argazkilariekin izandako bilkuran denetarik egin genuen: eskemak, geziak, buruko konposizioak, zirriborroak, zazpi kafe eta hiru freskagarri, hau ezinezkoa da, hau hobeto ez, baina begira, bada beno, orduan, aurrera. Horri esker, ez gaitu ustekabean harrapatu, baina hau zoramena.

Egia esan, haurrek beren lankidetza eskaintzen dute ahal duten guztian eta ez dute lan gehiegi ematen, oso ilusionatuta daude eta badakite proiektua arrakastatsua izan dadin konpromisozko eta lankidetzazko jarrera izan behar dela. Beren materialak ekarri dituzte argazkiak osatzeko, eta lurrera bota dira hegan egiteko, letxugekin malabarismoak egiteko edo altxorrez beteriko ozeano batera murgiltzeko. Adrian eta Gabi keinuka ari dira eszena-eremuaren bazterretik, haurrei argazkiak zirraragarriagoak izateko argibideak emanez: biratu burua, tenkatu besoak, egin irri, egizue irri, ilea eskatu, hegan egiten ari zarete! Rosik hainbat kontu esaten dizkie, testuingurua jartzen die, pentsatu hegan egiten ari den hegazkin baten hegora helduta zaudetela, jarrai zirrarazko aurpegia. Oihu egitea lagungarri izaten da halakoetan, emozioak kanporatzeko, baina horrek haurrak nahasten ditu: normalean “ez oihurik egin!” entzuten dute, eta honek ustekabean harrapatu ditu, baina ahal dugu ala ez. Bada, orain zer eta ez dute nahi, edo lotsa ematen die, auskalo. Kontua da oihu xumeak baino ez dituztela egin, apalak. Ondorioz, Adrian eta Rosi soilik ari dira oihuka.

foto-3

Bai, gu ere lurrera bota gara. Adrian sagarrondoz hornitutako lorategi loredun bati argibideak emanez

Orduak aurrera doaz eta argazkiak ateratzen ari gara. Ekintza-plana ostegun eta ostiralean banatu dugu, izan ere, argazki asko dira, eta denbora mugatua. Egia esan, gustura egiten da horrela lan, guztia ondo ateratzen denean eragozpen handirik gabe, eta gertatzen diren apurrak berehala konpontzen ditugu. Ikastolak bere lankidetza eskaini du uneoro, behar duzuenerako hemen gaude, esate dutela dirudi. Materiala, goizean behar bezala antolatuta zegoena bazter batean, sakabanatzen ari da seteko toki ezberdinetan, kasu honetan set, kamerino, biltegi eta jolas-atari bilakatu dena aldi berean. Kartoizko tutuak oihalen gainean daude eta horiek, aldi berean, artilezko harilak estaltzen ari dira, azken horiek oihalen gaineko kartoizko tutuetan korapilatu dira eta, horrela, behin eta berriro, nahas-mahas. Nola? Argazkilaritzaren magia da. Rosi ordena ipintzen saiatzen ari da, eta eskerrak. Dena den, ongi funtzionatzen dugu gimnasioa une honetan den sasi-kaosean.

foto-4

Neskatoak, mutikoak, bi argazkilari, andereñoren bat, material teknologikoa, oihalak, trapuak eta bitartekaria hondo grisa atzean dutela

Aupa ekipo amaitzen ari gara, ez gaitezen urduri jarri! Dagoeneko “Muntaketa-katean”, “Sukaldean”, “Laborategian”, Itsasontzian”, “Aireportuan” edota “Herrian” egon gara. Ikusten ari garen irudiek itxura ona dute, konposizioak oso lortuta daude eta irudikapenek efektu itzela sorrarazten dute. Guztiok gaude txundituta lortzen ari garena ikusita, eta Arizmendi Ikastolako haurrek beren irrika helarazten digute egin dutena erakusten diegunean. Eta hori aski da pilak beste denboratxo baterako kargatzeko. Okerrena bazkalosteko garaia da, gorputzak apur batean atseden eskatzen duenean, baina ez! Misio bat dugu, konpromisoa dugu artearekin eta lankidetzarekin. Nagitasunak hartu gaitu, baina talde gehiago jasotzen ditugun heinean nagitasun oro desagertu da, taldekideengan batetik bestera dabilen energia sendoa da.

Hondoak mugitu ditugu, formak moztu, artilearekin espiralak sortu ditugu, mugimendu-lerroak, kotoidun lainoak, azenarioz egindako itsas izarrak, gezur ñimiñoen zelaia…, ateak ixteko ordua da, egin nahi genuen guztia egin dugu jadanik, eta dagoeneko guztiok nahi dugu etxera joan. Beraz, talde artistikoa azken argazkiak ateratzen ari den bitartean, gainerakoak dagoeneko erabiltzen ez den materiala jasotzen eta furgonetara eramaten hasi gara. Azken taldea gimnasiotik irten denean, guztiok isiltasun harrigarrian geratu gara. Kito. Azken begirada eman dugu bertan deus ez dugula ahazten ziurtatzeko eta Gasteizera itzuli gara. Orain argazkien emaitzak jasotzeko irrikaz gaude, 2016ko abenduan Arrasateko Amaia Antzokian paratuko direnak, erakusketan.

foto-5

Kotoidun lainoa eta artilezko eguzkia espiralean hondoan moketa urdin koloreko zerua dagoela

Standard
Aurkezpena,Bitartekaritzaren haria,Ikastola Arizmendi

Espazioak ezagutzen: Arizmendi ikastola

Egilea: Unai García, Bitartekaritza-taldea

Irailak 19. Mediazio proiektua martxan jarriko dugu azkenik, aste luzez antolatzen ibili garen proiektu hau, itxura hartzen doa. Taldea gogoz dabil, eta azkenik espazio ezberdinak ezagutzen ibili gara, irakasle taldeekin koordinatzen, ordutegiak finkatzen… badakizue nolakoak diren antolakuntza lanak, eta gainera jende ugari gabiltza tartean, beraz… Baina gu pozik, umorea eta jarrera dira gure ezaugarri.

Irakasleen aldetik jarrera ezin hobea aurkitu dugu, eta horrek taldearen konfiantza sendotu egin du. Elkarlanean aritzea guztiontzat izango da aberasgarria, ez dago zalantzarik. Haurrek ere jakinminez eta irribarrez hartu gaituzte. Nortzuk dira hauek? Talde xelebrea osatzen dugu, badakigu. Irribarre zabalekin agurtzen gaituzte korridoreetan.

Berexitasun ugari kontatu digu irakasle bakoitzak. Nahiz eta ikastola berdina izan, zentru bakoitzak ezaugarri eta izaera propia du: Almen, Gazteluondo, Santa Teresa eta Arimazubik xarma ezberdina dute. Toki bakoitzaren tamainaren arabera, ikasle kopuruaren arabera, kokapenaren arabera… berexitasun propioak garatu dituzte, izaera eta nortasun ageriak.

Maider Herze izan dugu bidelagun egun guztian zehar, gertutik ari da jarraitzen proiektu honen garapena, eta guretzako ere interesgarria, erosoa eta lasaigarria da bera gurekin egotea, zentru bakoitzeko ateak zabaldu baitizkigu, eta egunari osotasun eta jarraipen bat eman dion heinean. Berak kontatu dizkigu hainbat ixtori, hainbat kontu, kontu txikiak eta kontu handiak.

Aurkezpen eguna da. Gure taldeko partaide bakoitzak non arituko den ezagutzen ari da, eta baita zein irakaslerekin erlazionatuko den. Irakasleek jakinmina dute tailerren inguruan, noski. Zeintzuk izango dira dinamikak? Zein mailatan parte hartu behar dute? Guk beti askatasunetik planteatu ditugu dinamika hauek, beraz, eurak eroso sentitzen diren mailaraino besterik ez dute sartu behar. Ez du zentzurik behartuta sentitzea, ez du. Norbanakoaren askatasunetik aritu behar dugu partaidetza honetan, emankorra eta atsegina izan dadin.

Irakasleek ere egin dituzte haien etxerako lanak uda hontan. Lehen aldiz bildu ginenean, ikasleengan interesa piztearen betebeharra utzi genien. Santa Teresan adibidez, ea egunero antzerkia ikustera joango diren galdetu diote Eukeneri, irakasleari. “Ez, antzerkia ikustera ez, Antzerkia zuek egingo duzue”, izan da bere erantzuna. Eta haurrak pozik. Arimazubin Igonek eta Mariflorrek, 5. mailako irakasleak ere bete dute haien lana: artile mataza aurkeztu diete ikasleei, gure ikur eta irudi izango dena. KOOPERAROCKek mataza hori askatu nahi du, eta lan hau, guztion arteko elkarlanak soilik lortuko du. Mariflorren gelako matazak gainera badu izena: Txusa. Bitxikeriak.

captura-de-pantalla-2016-10-10-a-las-10-41-17

Primi Ilarra Gazteluondoko Irakaslea, Arzimendi Ikastola

Pixkanaka kokatu dugu bakoitza bere tokian: Gazteluondon Izaskun, Primi eta Iñigo ezagutu ditugu. Etxeko giroan mugitzen ari gara guztiak, eroso, aldamenekoaren lana erreztu guran. Galderak eta zalantzak proiektuaren onerako ari dira planteatzen guztiz.

Lasai egin dugu etxerainoko vuelta. Furgonetan, barrezka, kontu-kantari itzuli gara, egunean zehar ikusitakoaren erreflexioa egiten, azkeneko hariak harrapatzen, datorren astean gertatuko denaren inguruan amesten. Pozik hartu dugu bakoitzak gure habirako bidea. 

Standard